Zer dira auzitegi sinbolikoak edo kontzientzia hartzeko auzitegiak?


Ziurrenik, emakumeen eta neskatilen aurkako indarkeria da giza eskubideen urratzerik ohikoena eta biktima gehien sorrarazten duena. Munduko gizarte guztietan ageri da, bakoitzaren sistema politikoa edo ekonomikoa gorabehera. Indarkeria matxistak, bada, kultura, gizarte-klase eta etnia guztietan daude. Ohiko eskandalu honek hainbat adierazpide ditu, eta askotariko tokitan jazotzen da. Hala eta guztiz ere, sustrai bat eta bakarra du: mundu osoko emakumeek jasan behar duten diskriminazioa, emakumeak izate hutsagatik.

Azken urteetan aurrera egin bada ere, ia mundu osoan aurki daiteke izatezko diskriminazioa. Mugimendu feministaren eta zenbait erakunderen lana funtsezkoa izan da aurrerapausoak egiteko gizartean, legearen esparruan eta nazioarteko jokalekuetan. Erabili duten tresnetako bat, hain zuzen, auzitegi sinbolikoak edo kontzientzia hartzeko auzitegiak izan dira. Horietatik nabarmenena da Vienan, 1993ko Giza Eskubideen Munduko Konferentziaren harira, antolatutako auzitegia. Izan ere, 33 emakumeren testigantzen bitartez, emakumeek historian zehar jasan duten ikusezintasuna aitortu zen, eta zera berretsi zen: gizakiak direla eta, hortaz, gizonezkoek dituzten eskubide berberak dagozkiela. Testigantza horien bitartez, bada, giza eskubideek emakumeen bizitzan duten esanahia errealitate bilakatu zen, eta mundu osoko milioika emakume eta gizonei kontzeptu hori ulertzen lagundu zieten parte-hartzaileen lekukotasunek. Auzitegi horri esker, emakumeen giza eskubideak urratzearen gaineko erantzukizunak eskatzeko Nazio Batuek dituzten mekanismoei buruz hausnartu ahal izan zuten emakume askok.
Emakumeek eskubidea dute indarkeriarik gabeko bizitza, diskriminazio-mota oro baztertzen duena, edukitzeko. Halaber, eskubidea dute: generoan oinarritutako botere-harreman desorekaturik gabeko gizarte-sistema batean bizitzeko; sexuen arteko mendekotasun-kontzeptuetan oinarritutako jokabide eta praktikei lotutako estereotiporik gabeko heziketa eta balioespena jasotzeko; gizartearen garapenenari eta ongizateari ekarpena egiteko eta gizonek dituzten aukera berberekin parte hartzeko politikaren, ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren esparruetan, bai eta bizitzaren gainerako esparruetan ere, giza eskubide unibertsalez gozatuz, orobat.
 Zer dira auzitegi sinbolikoak edo kontzientzia hartzeko auzitegiak?
Auzitegi sinbolikoak gizarte zibileko erakundeen estrategia dira, giza eskubideen urraketa batzuen ikusezintasunak dituen efektuei aurre egiteko eta urraketa horien zigorgabetasuna agerian uzteko.
Ez dago auzitegi sinbolikoa antolatzeko modu bakarra. Dena den, oinarrizko ezaugarri batzuk dituzte guztiek. Honako hauek dira:
 a)   Emakumeen aitortza egiteko espazioak dira.
b)   Errealitate bat zer larria den ikustarazteko ekitaldi publikoak dira.
c)   Ordain sinbolikoa emateko espazioak dira.
d)   Ez dituzte ordezten ez justizia ez eta justiziaren bermatzaileak ere, baina justiziaren eta haren bermatzaileen jomuga izan beharko lukeena ordezkatzen eta are gorpuzten dute.

Hainbat auzitegi antolatu dira dagoeneko. Bat aipatzearren, Euskadin oihartzun handia eduki zuen bat nabarmenduko dugu: 2010an antolatu zen kontzientziatze-auzitegia, Guatemalako gatazka armatuaren baitan emakumeek jasan zuten sexu-indarkeriaren aurka[1][1]. Hain zuzen, herrialde horretako gatazka armatuak iraun zuen bitartean sexu-indarkeria jasan baina bizirik atera ziren emakumeei justizia-organoetara iristeko aukera emateko alternatiba gisa aurkeztu zen auzitegia. Zehazki, helburu hauek ezarri ziren: eskubide-urraketa horren inguruan zegoen isiltasuna etetea; biktimei ordain sinbolikoa emateko ekintza politikoa gauzatzea eta, azkenik, justizia bermatzeko ardura duten agintariekin batera gogoeta egitea, justizia behar bezala aplikatzeko baldintzak sorrarazteko hala iraganeko nola egungo kasuetan.
Oro har, emakumeentzat, zera dira auzitegi sinbolikoak: ordain sinbolikoa emateko ekintzak, gizartearen kontzientzia pizteko ahalmena dutenak. Izan ere, emakumeek eurek bizitakoa kontatzen dutenez, enpoderatze-tresna gisa ere uler daitezke. Halaber, gizartean eztabaida pizteko funtsezko estrategia bilakatu dira auzitegiok, eta gai honetan interes handiegirik ez duten erakunde edo instituzioak biltzeko gai izan dira. Are gehiago, ariketa pedagogiko gisa funtzionatu dute justiziarako eskubidea bermatzen duten pertsonen eta erakundeen artean.
Auzitegia gauzatu arte, urrats ugari eman behar dira (ikus Eranskina). Horretarako, zenbait sektoreren parte-hartze aktiboa behar dugu.




[1] Argibide gehiagorako: http://publicaciones.hegoa.ehu.es/publications/279



No hay comentarios:

Publicar un comentario

Comentar