Ziurrenik, emakumeen eta
neskatilen aurkako indarkeria da giza eskubideen urratzerik ohikoena eta
biktima gehien sorrarazten duena. Munduko gizarte guztietan ageri da, bakoitzaren
sistema politikoa edo ekonomikoa gorabehera. Indarkeria matxistak, bada,
kultura, gizarte-klase eta etnia guztietan daude. Ohiko eskandalu honek hainbat
adierazpide ditu, eta askotariko tokitan jazotzen da. Hala eta guztiz ere,
sustrai bat eta bakarra du: mundu osoko emakumeek jasan behar duten
diskriminazioa, emakumeak izate hutsagatik.
Azken urteetan aurrera egin bada ere, ia mundu osoan aurki daiteke izatezko
diskriminazioa. Mugimendu feministaren eta zenbait erakunderen lana funtsezkoa
izan da aurrerapausoak egiteko gizartean, legearen esparruan eta nazioarteko
jokalekuetan. Erabili duten tresnetako bat, hain zuzen, auzitegi sinbolikoak edo kontzientzia hartzeko auzitegiak izan
dira. Horietatik nabarmenena da Vienan, 1993ko Giza Eskubideen Munduko
Konferentziaren harira, antolatutako auzitegia. Izan ere, 33 emakumeren
testigantzen bitartez, emakumeek historian zehar jasan duten ikusezintasuna
aitortu zen, eta zera berretsi zen: gizakiak direla eta, hortaz, gizonezkoek
dituzten eskubide berberak dagozkiela. Testigantza horien bitartez, bada, giza
eskubideek emakumeen bizitzan duten esanahia errealitate bilakatu zen, eta
mundu osoko milioika emakume eta gizonei kontzeptu hori ulertzen lagundu zieten
parte-hartzaileen lekukotasunek. Auzitegi horri esker, emakumeen giza
eskubideak urratzearen gaineko erantzukizunak eskatzeko Nazio Batuek dituzten
mekanismoei buruz hausnartu ahal izan zuten emakume askok.
Emakumeek eskubidea dute indarkeriarik gabeko bizitza, diskriminazio-mota
oro baztertzen duena, edukitzeko. Halaber, eskubidea dute: generoan
oinarritutako botere-harreman desorekaturik gabeko gizarte-sistema batean
bizitzeko; sexuen arteko mendekotasun-kontzeptuetan oinarritutako jokabide eta
praktikei lotutako estereotiporik gabeko heziketa eta balioespena jasotzeko;
gizartearen garapenenari eta ongizateari ekarpena egiteko eta gizonek dituzten
aukera berberekin parte hartzeko politikaren, ekonomiaren, gizartearen eta
kulturaren esparruetan, bai eta bizitzaren gainerako esparruetan ere, giza
eskubide unibertsalez gozatuz, orobat.
Zer dira auzitegi
sinbolikoak edo kontzientzia hartzeko auzitegiak?
Auzitegi sinbolikoak gizarte zibileko erakundeen estrategia dira, giza
eskubideen urraketa batzuen ikusezintasunak dituen efektuei aurre egiteko eta
urraketa horien zigorgabetasuna agerian uzteko.
Ez dago auzitegi sinbolikoa antolatzeko modu bakarra. Dena den, oinarrizko ezaugarri batzuk dituzte guztiek. Honako hauek dira:
Ez dago auzitegi sinbolikoa antolatzeko modu bakarra. Dena den, oinarrizko ezaugarri batzuk dituzte guztiek. Honako hauek dira:
a) Emakumeen aitortza egiteko
espazioak dira.
b) Errealitate bat zer larria den
ikustarazteko ekitaldi publikoak dira.
c) Ordain sinbolikoa emateko espazioak dira.
d) Ez dituzte ordezten ez justizia ez eta justiziaren
bermatzaileak ere, baina justiziaren eta haren bermatzaileen jomuga izan
beharko lukeena ordezkatzen eta are gorpuzten dute.
Hainbat auzitegi antolatu dira dagoeneko. Bat
aipatzearren, Euskadin oihartzun handia eduki zuen bat nabarmenduko dugu:
2010an antolatu zen kontzientziatze-auzitegia, Guatemalako gatazka armatuaren
baitan emakumeek jasan zuten sexu-indarkeriaren aurka[1][1]. Hain zuzen, herrialde horretako
gatazka armatuak iraun zuen bitartean sexu-indarkeria jasan baina bizirik atera
ziren emakumeei justizia-organoetara iristeko aukera emateko alternatiba gisa
aurkeztu zen auzitegia. Zehazki, helburu hauek ezarri ziren: eskubide-urraketa
horren inguruan zegoen isiltasuna etetea; biktimei ordain sinbolikoa emateko
ekintza politikoa gauzatzea eta, azkenik, justizia bermatzeko ardura duten
agintariekin batera gogoeta egitea, justizia behar bezala aplikatzeko
baldintzak sorrarazteko hala iraganeko nola egungo kasuetan.
Oro har, emakumeentzat, zera dira auzitegi
sinbolikoak: ordain sinbolikoa emateko ekintzak, gizartearen kontzientzia
pizteko ahalmena dutenak. Izan ere, emakumeek eurek bizitakoa kontatzen
dutenez, enpoderatze-tresna gisa ere uler daitezke. Halaber, gizartean
eztabaida pizteko funtsezko estrategia bilakatu dira auzitegiok, eta gai
honetan interes handiegirik ez duten erakunde edo instituzioak biltzeko gai
izan dira. Are gehiago, ariketa pedagogiko gisa funtzionatu dute justiziarako
eskubidea bermatzen duten pertsonen eta erakundeen artean.
Auzitegia gauzatu arte, urrats ugari eman behar
dira (ikus Eranskina). Horretarako, zenbait sektoreren parte-hartze aktiboa
behar dugu.